Aniztasuna ehuntzen

Kultur eta jatorri aniztasuna Nafarroa Garaia
Hasiera data:
2016
Bukaera data:
Abian da
Lurraldea:
Nafarroa Garaia
Herria:
Burlata (Iruñerria, Nafarroa)
Biztanle kopurua:
20865

Burlatak Kultura aniztasuna kudeatzeko plana jarri zuen abian 2016an. Ordutik hona, hainbat lanketa garatu dituzte, kulturarteko bizikidetza lantzeko eta arrazismoaren aurkako salaketa eta sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin.

Aniztasuna eta berau osatzen duten bizilagunak dira herri bateko benetako aberastasuna. Denboran atzera eginez gero, ikus dezakegu nola gure herria izan den kultura ezberdinen arteko topagune; eta azken hamarkadetan, gainera, gure gizarteak hamaika jatorritako hamaika koloretako soineko ederra jantzi du. Sarritan, baina, aniztasun kulturalaren kudeaketa egokia benetako erronkan bilakatzen da gure herrientzako. Izan ere, lehenik eta behin, funtsezkoa da eskubideak eta aukerak parekatzea, eta Espainiako legeriak debekatu egiten die hori, gure lurraldean lehorreratzen diren pertsona askori.

Errealitate multikultural horren aurrean, Euskal Herrian gero eta gehiago dira kultur aniztasun planak sortzen eta garatzen dituzten udalerriak. Horien artean dugu Burlata (Nafarroa). 2024ko apirileko erroldako datuen arabera, herrian erroldatutako biztanleen ehuneko handi batek, % 35,3k, Hego Euskal Herritik kanpo du jatorria. Pertsona horien % 22,30 Espainiako estatutik kanpo jaioak dira, eta %12,92 Estatuko beste herri batzuetan jaioak dira (Andalucia, Extremadura, Gaztela, Galizia…). Herri horiek, apurka-apurka, garrantzia galtzen ari dira zenbaketa osoan, izaera globalizatuko migrazio-fluxuetatik datozen pertsonen aldean. Ekuador, Kolonbia, Peru eta Errumania dira, hurrenez hurren, Burlatan presentzia handiena duten komunitateak, euskaldunaren ostean. Gainera, Ijito Herriaren eta bere kultuaren presentzia du herriak, eta horiek ere bertako kultura aniztasunaren funtsezko zati bat dira. Hala, esan genezake hamaika kulturek osatzen duten mosaiko ederra dela Burlata.

2000ko hamarkadaren hasieran hasi ziren Euskal Herriko udaletan migratzaileen eskubideen eta kul-turen arteko bizikidetzaren aldeko lehen lanak egiten. Nolabait, gure herriaren eta pertsona migra-tuen eskubideak aldarrikatzea eta lotzea zuten helburu. Testuinguru horretan sortu zen, adibidez, Euskal Herria Hamaika Kolore proiektua; eta Gipuzkoako hainbat herritan hasi ziren Aldundiak bul-tzatutako harrera eta bizikidetza planak aktibatzen. Lasartek (Gipuzkoa), esaterako, lanketa espezifikoa egin zuen bere herrian. (Burlatak proiektu hori hartu zuen oinarrian, antzekotasun soziodemogra-fikoengatik). Izan ere, Burlatan, lehen, migratzaileak artatzeko bulego bat zegoen, baina izaera asis-tentzialista zuen. Murrizketak iritsi zirenean, ordea, Nafarroako Gobernuak finantzatzeari utzi zion.

Burlatako zerbitzua

2016an, aldaketaren lehen Gobernuak kultur aniztasunaren eta migrazioen zinegotzigo bat zabaltzearen aldeko hautua egin zuen, migrazioei eta herritarri harrera publikoa eskaintzeko helburuarekin. Hiru zutaberen gainean eraiki zuten: pertsona orori eskubide guztiak bermatzea harrera duinak eskainiz, kulturarteko bizikidetza lantzea eta arrazismoaren aurkako salaketa eta sentsibilizazioa sustatzea.

Zerbitzua martxan jarri zutenek argi dute: hautua politikoa zen. Gizarte Zerbitzuek, ordura arte biztanleria migratzailea artatzen zutenek, nagusiki laguntza-zerbitzua zuten, eta ez Burlatako kultura-aniztasunaren kudeaketa integrala. Hori dela eta, Kultura Aniztasuna eta Migrazioa arloa sortu zen, eta kultura aniztasun hori berariaz lantzeko teknika bat eman zitzaion. Abiapuntua ez zen erraza izan, baina inplikazio politikoarekin zerbitzua sendotzea lortu zen. Horretarako, funtsezkoa izan zen plantilla organikoan kultur aniztasuneko eta migrazioetako teknikari plaza bat sortzea, eta zerbitzu hori udalean bertan ezartzea.

Nondik hasi, baina, elkarbizitza artikulatzen? Galdera horri erantzuna bilatzea izan zen lehen erronka. Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek urte eta erdiko ikerketa sendo bat garatu zuen udalerrian, karriketako errealitatea gertutik ezagutzeko xedearekin: “Burlatako elkarbizitzari buruzko diagnostikoa. Udaleko ekintza-plan baterako proposamena” du izena lanketak. Prozesu parte-hartzailean 500 herritarrek baino gehiagok eman zuten beren testigantza, Ikerketa-Ekintza-Parte-hartzea metodologiarekin eta hainbat ikerketa-teknikarekin.

Ikerketaren ondorioak etorkizuneko Burlatara joan eta Kultur Aniztasun eta Migrazio Zerbitzuaren plangintza bideratzeko iparrorratza izan ziren. Gaur egun, Zerbitzuak 12 neurri ditu kulturen arteko bizikidetzaren aldeko eta arrazakeria eta xenofobiaren aurkako borrokan aurrera egiteko:

  1. Harrera integrala.
  2. Herritarren parte-hartzea.
  3. Ikerkuntza eta gizarte-errealitatea aztertzea.
  4. Sentsibilizazioa eta prestakuntza.
  5. Pertsonen bizi-baldintzak hobetzea.
  6. Gaztelania eta euskara ikastea gizarteratzeko bide gisa, eta Burlatan dauden hainbat jatorritako hizkuntzak aitortzea.
  7. Burlatan dauden kulturak eta jatorriak aitortzea.
  8. Kulturen arteko bizikidetza sustatzea.
  9. Asoziazionismoa sustatzea eta udal-espazioak erraztea.
  10. Kulturarteko bitartekaritza.
  11. Kultura Aniztasunaren eta Migrazioaren Arloaren lanaren transmisioa.
  12. Pertsonen gogo-aldartea hobetzea.

Jarduerak, kultur aniztasuna ehuntzeko

Burlatako Udaleko Kultura-aniztasun eta Migrazio Zerbitzuak garatzen dituen jarduerak dira gizarte inklusiboago bat eraikitzeko giltzarriak. Horiek gauzatzeko, udaleko sail guztiekin dute harremana. Hamaika dira orain arte garatu dituzten jarduerak, esaterako: “Munduko Arrozak”, herriko jaietan bizilagun guztien artean antolatzen dituzten kaldereteak, herriko abesbatzak eta antzerkiak... Guztiek dute oinarrian kulturen arteko topaketak bultzatzea eta sustatzea.

Burlatako Udaleko Kultur Aniztasun eta Migrazio Zerbitzuak garatzen dituen jarduerak funtsezkoak dira gizarte inklusiboago eta kohesionatuago bat eraikitzeko. Horiek aurrera eramateko, zeharkako harremana dute udaleko sail guztiekin.

Jarduera ugari egiten dituzte, hala nola herriko jaietan “Munduko Arrozak” edo “kultur aniztasunaren kalderetea”; Musika Kulturarteko Abesbatza eta Antzerki Tailer Kulturartekoa; “Burlatako Kultur Aniztasunaren Eguna” eta herrian dauden jatorri ezberdinetako komunitateei zuzendutako beste ekitaldi batzuk. Arloaren azken helburu nagusia kulturen arteko bizikidetza bultzatzea da, baina gauzatzen diren jarduera guztien bidez aurretik azaldutako 12 neurrietako bakoitzaren helburuak lortzen dira.

Aurrekontua

Nafarroako Gobernuak 25.000 euro ematen dizkio Udalari bere aktibitateen zati bat ordaintzeko, dirulaguntza deialdi baten bidez. Teknikariaren soldata ordaintzeko, 29.000 euro (Udaleko plantilla organikoak daude).

Helburuak

  • Kulturen arteko elkarbizitza sustatzea, elementu kultural eta identitarioei uko egin gabe, giza eskubideak mugatzat hartuta.
  • Herritartasun osoa bermatzea, jatorria edo egoera administratiboa edozein dela ere.
  • Burlatako kultur aniztasuna aintzat hartzea, pertsona guztiak senti daitezen eta Burlata parte izan dadin.
  • Inplikatutako eragile eta pertsonen protagonismoa eta parte-hartzea sustatzea, herritarrekin batera.

Programaren indarguneak

  • Kultur aniztasuneko zinegotzigoa egotea, proiektuari garrantzia ematea da.
  • Pertsona guztien eskubide- eta aukera-berdintasunaren alde lan egitea, haien jatorria edo administrazio-egoera edozein dela ere.
  • Kultur aniztasunaren kudeaketa demokratikorako eredu bat garatzea, pertsona guztien inklusioa eta kulturen arteko bizikidetza bermatzeko.
  • Kulturarteko bizikidetza sendotzeko elkartze-gune gertagaitzak ahalbidetzea.
  • Herritarren parte-hartzea: Herritarrek euren iritzia emateko aukera izan dutela. Kultur Aniztasunaren Kontseilua ezartzea,
  • Burlatako kultur aniztasunaren errealitate guztien topagune izan dadin.
  • Udal-arlo guztietan kultura-aniztasunaren ikuspegia zeharka aplikatzea.
  • Euskal Herriko hainbat herrirekin elkarlanean aritzea, eredu hori bultzatzeko.

Programaren ahulguneak

  • Zailtasun nagusiena da Espainiako atzerritarren legeriatik eta kapitalismoak sortzen dituen egoera ekonomikoetatik sortzen diren desberdintasunei aurre egitea.
  • Ezin da herritarren parte-hartzeaz hitz egin, herritarren zati batek oinarrizko eskubide eta behar berberak ez dituenean; horregatik, pertsona askok ezin dute dinamiketan parte hartu.
  • Profesionaltasun-ziurtagiriak; emateko zailtasunak.
  • Etxeko langileak: Erakundeen inplikazio handiagoa behar da haien eskubideak bermatzeko.
  • Etxebizitzaren arazo larria. Pilaketa, erroldatzeko zailtasuna, etab.
  • Euskararen egoera minorizatua eta Nafarroako Gobernuak jatorri ezberdinetako pertsonen artean hura bultzatzeko duen interes falta.
  • Autonomia-mailan eskumenik ez izatea migrazio-prozesuetatik eratorritako beharrak kudeatzeko.

Beste programa batzuekiko harremana

  • Nafarroako Kulturarteko Elkarbizitzarako eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Tekniken Sareko (TECIR Sarea) kidea da. Nafarroako Gobernua.
  • Errenteriako Kultura Aniztasunaren Planarekin
  • Hernaniko Kultura Aniztasunaren Plana
  • Sakanako Anintzartean programa
Kontaktua:
Kultura-aniztasuna eta Migrazioa
Telefonoa:
676787212 676787212
Helbidea:
Larrañetako plaza, 31600 Burlata, Nafarroa
www:
https://www.burlada.es/eu/udala/zerbitzuak/kultura-aniztasuna-eta-migrazioa/