Albisteak

Espainiako 1978ko Konstituzioak: 40 urte, 40 gezur

Espainiako Konstituzioaren aurkako ekitaldia ospatu zuen asteartean Udalbiltzak Iruñean.

Espainiako Konstituzioaren aurkako ekitaldia ospatu zuen asteartean Udalbiltzak Iruñean. Horrekin batera, «40 urte, 40 gezur» izeneko erakusketa aurkeztu zuen Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Aurki, erakusketa Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabalduko da, eta 40gezur.eus webgunean ere ikusgai izango da.

Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak eta Patricia Perales Iruñeko hautetsi eta Udalbiltzako batzorde eragileko kideak azpimarratu dutenez, «Euskal Herriak ez zuen Espainiako Konstituzioa onetsi eta gainera, gutako gehiengoak ez genuen bozkatu, horrenbestez testu horrek ez gaitu ordezkatzen». Era berean, konstituzioak biltzen duen sistema autonomikoak «Estatu Espainiarreko nazioei nolabaiteko autonomia eskaintzeko baino, aipatu autonomia hertsatzeko sistema bilakatu dela» salatu dute erakunde nazionaleko kideek. Zentzu horretan, Katalunian indarrez ezarritako 155. artikulua, eta estatuko gainerako herriei bere etorkizuna erabakitzea galarazten dien 1.2 artikulua, «subiranotasuna Espainiako herrian datzala» zehazten duena, gogora ekarri dituzte.

Horrenbestez, datorren ostegunean, Espainiar Konstituzioak 40 urte beteko dituen egunean, «ez dugula ezer ospatzeko» adierazi dute. «Frantziar Estatuak Lehen Mundu Gerlaren mendeurrena ospatzen ari den urte honetan, konstituzio eta gerra arrotzik ez ospatzeko» deia gaineratu dute, baita Euskal Herriaren, Kataluniaren eta gainerako herrien konstituzioen eraikuntzan urratsak ematen jarraitzeko beharra nabarmendu ere. Osteguna errebindikazio eguna izanen dela eta hainbat udaletxe herritarrei irekita izanen dela iragarri dute.

Ekitaldian, Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere izan da, zeinak erakusketa Nafarroako hiriburuan estreinatzearen garrantzia azpimarratu duen; izan ere, bere hitzetan, «XVI. mendetik, Nafarroan bizi izan da lurraldetasunaren gatazka gogorrenen». Horrekin batera, «Autonomien aurkako erasoen garai honetan, Estatu Espainiarraren krisi politiko aro honetan, nazioen aitortza eta herrien arteko elkarlana baitezpadako izanen dela» gaineratu du.

Associació de Municipis per la Independència (AMI) Kataluniako udalerri independentisten erakundeko ordezkaritza ere bertaratu zen asteartean Iruñera. Josep Maria Cervera AMIko lehendakariak eta Montserrat Fornells lehendakariordeak salatu dute «Espainiako Konstituzioa soluzio bat baino arazo bat dela, erabakitze eskubidea bermatu beharrean, hura praktikatzen duten herritarrak zigortzen dituelako». Horrekin batera, «Konstituzioaren berrogeigarren urteurrena preso eta erbesteratu politikoekin ospatzeak Espainiar Estatuan hausnarketa sakona ekarri beharko lukeela» mahaigaineratu dute.

Ekitaldiarekin batera aurkezturiko erakusketa Abenduaren 10era arte izanen da publikoari irekita Iruñeko Kondestablearen Jauregian, eta ondoren Euskal Herriko txoko ezberdinetan ezarriko dute. Edonola ere, erakusketaren edukia ikusgai izanen da sarean 40gezur.eus webgunean.

Albisteak