Albisteak

Udalbiltzak sustengua eman dio Argantzon Ikastolari

Sustengu ekonomikoa emateaz gain, babes osoa adierazi diogu Trebiñun euskarazko irakaskuntzaren alde lanean diharduen ikastolari

Ekainaren 17an ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz ikastolen festa Argantzunen (Trebiñu, Araba), Irrikitan lelopean. Ateratako dirua Lehen Hezkuntzako zikloa eskaintzeko baliatuko dute, egun soilik Haur Hezkuntza eskaintzeko baliabideak baizik ez baitituzte. 

Argantzun Trebiñuko konderrian dago, Gaztela eta Leonen administrazio pean. Ikastolak euskaraz irakasten duenez, Burgosko Diputazioak ez du diru-laguntzarik eskaintzen, ezta Eusko Jaurlaritzak ere, haien eskumenetatik kanpo baita. Ondorioz, oztopo eta zailtasunez beteriko bidea ibili behar izan dute 2003an sortu zenetik, gaurko eguneraino. Ikasturte honetan 0 eta 6 urte bitarteko 50 bat ikasle dituzte, baina Lehen Hezkuntzako zikloa zabaltzean kopurua bikoiztea espero du ikastolako zuzendaritzak.

Udalbiltzak sustengu ekonomiko eskaintzeaz gain, babes osoa adierazi dio, oztopo guztien gainetik, Trebiñun euskarazko irakaskuntzaren alde lanean diharduen Argantzo Ikastolari, baita proiektu hori posible egin duten norbanako guztiei ere. Euskara da Euskal Herriko lurralde guztiak kohesionatzen dituen hizkuntza, eta zentzu horretan, Argantzo Ikastolak gauzatzen duen lana baitezpadako dugu.

Ekainaren 17an, denak Argantzunera!

Biba Argantzon Ikastola! Biba Trebiñu!

Albisteak