Albisteak

UDALBILTZAREN ADIERAZPENA EUSKAL HERRIAN ZABALDURIKO ZIKLO POLITIKO BERRIAREN ATARIAN

Udalbiltzak, Euskal Herriko udal eta hautetsien bilguneak, ongi etorria ematen dio ETA erakundeak, aldebakartasunez, bere 60 urteko jarduera armatu eta politikoari bukaera ordenatua emateko harturiko erabaki historikoari, ezbairik gabe herri honen bake eta askatasunerako urrats garrantzitsua dena. 2011an Aieten hasi, 2016an Luhuson berrabiatu, 2017an Baionan egikaritu eta azkenik 2018an Genevan burutu den ibilbideak, leihoak zabaldu dizkio Euskal Herriak, zoritxarrez, egun ere bizi duen gatazka politikoaren, eta harengandik  eratorritako ondorio mingarrien konponbideari.

Borroka armatuaren estakurua gainditurik, borroka molde horren existentziak oztopatu ahal izan dituen hainbat abagune zabaldu beharko lirateke ziklo berri honetan gure herrian, maila instituzionalean barne. Erabaki ausartak hartzeko unea da. Aterabide justu, duin eta demokratikoa eskaini behar zaio azken hamarkadetan bizitako gatazka aroari, baita gatazkak sorrarazitako ondorioei ere, eskubide guztiak errespetatuz, eta gatazkak kolpaturiko eta zapalduriko pertsona orori egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa bermatuz, inor ahaztu gabe, bakoitzaren posizio politikoa zeinahi ere den. Zentzu horretan, bake-prozesuan aurrera urratsak egiten jarraitzea dagokio euskal gizarteari.

Nazio erakunde publiko bakar gisa, Udalbiltzak, eta bera osatzen dugun kideok konpromezu irmoa dugu aro berri honetan konponbidearen aldeko urratsak emateko. Horregatik, gaur, maiatzak 4, Kanboko Arnaga Etxean Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak antolaturiko Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko nazioarteko topaketan parte hartuko dugu.

Ireki den ziklo politiko berri honetan, Euskal Herriko erakunde, eragile eta norbanako guztien ardura izanen da bide horretan aurrera pausoak ematea, ideien arteko talka plano demokratiko batean eman dadin, eta Euskal Herria guztion artean urratsez-urrats eraikitzen jarrai dezagun naziogintzatik. Hori da Udalbiltzaren nahia eta konpromezua.

Bakea, justizia eta askatasuna Euskal Herriarentzat!

Albisteak