Albisteak

Annabel Moreno (AMI): “Udaletatik herri berri, baketsu eta aske baten alde borroka egin behar dugu”

Annabel Moreno i Nogue Independentziaren Aldeko Udalerri Katalanen Elkarteko (AMI) lehendakariordea elkarrizketatu dugu.

Annabel Moreno i Nogue (Barcelona, 1973) Arenys de Mar herriko alkatea izateaz gain, Associació de Municipis per la Independència, AMIko lehendakariordea da. Apirilaren 1ean Euskal Herrian izan zen, Ametlla de Mar herriko alkate eta AMIko batzorde exekutiboko kide Jordi Gasenirekin batera, Udalbiltzak gonbidaturik. Elkarrizketa honetan gure herrien arteko elkartasunaren garrantziaz eta AMIren egitekoen nondik norakoez mintzatuko zaigu.

 

1. Apirilaren lehenean, Iruñean ospatu zen Aberri Egunean izan zinen. Nola sentitu zenuen?

Plazer hutsa izan zen niretzat Iruñean ospatu zen Aberri Egunean parte hartu izana. Sekulan ez nuen Aberri Eguna bizitzeko aukerarik izan, eta aurtengo manifestazioaren eta eguneko aldarrikapen politiko zein sozial handiaren protagonista izatea ohorea izan zen niretzat. Lehen unetik arras ongi hartu ninduten eta erabat integraturik sentitu nintzen parte hartzaileen artean. Urguilu handia sorrarazi zidan ekitaldian hitza hartzeak eta Euskal Herritik gure herriarekiko hainbeste sustengu jasotzeak.

2. Oraindik beharrezkoa iruditzen al zaizu Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen arteko elkartasuna sendotzea?

Jakina baietz. Euskal herritarrok eta katalanok bakarrik uler dezakegu Estatu Espainolean gertatzen ari dena. Espainiaren batasuna bermatzeko, edozertarako prest den estatu ustel eta autoritario baten biktimak gara. Guk badakigu zer egiteko prest diren, eta guk bakarrik dugu errepublika berri bat sortzeko itxaropena, zeinetan oinarrizko giza-eskubideak eta askatasun publikoak benetan bermatuak izanen diren. Gure askatasun grina eta estatu hobe bat sortzeko nahia ezabatzeko asmoarekin, estatuak komeni zaion kontakizuna asmatzen dihardu gure lider politikoak espetxeratzeko xedez. Estatu Espainiarraren iruzurrek, ez dute mugarik. Euskal herritarrok eta katalanok, elkarrekin gara, anai-arrebak gara eta elkarri lagundu behar diogu bakea, askatasuna eta duintasuna erdiesteko.

3. Garrantzitsua al da Udalbiltza eta AMI bezalako entitateek elkarrekin lan egitea?

Herrien arteko elkartasunaren adibideetako bat dugu, gizarte justuago, demokratikoago eta askeago baten aldeko borrokan engaiaturiko udaletxeen artekoa. Borroka hori herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio-erakundetik egiten dugu, administratuak jotzen duen lehen atea garen heinean. Udalgintzari esker lorpen handiak lor daitezke, horregatik da hain garrantzitsua AMI eta Udalbiltzaren arteko elkartasuna eta batasuna.

4. Zure iritziz, zer ekarpen egiten dio nazio-eraikuntzari udalerrien eta udaletxeetako hautetsien arteko batasunak?

Egun, Kataluniako 947 udalerrietatik 800 dira AMIren parte, printzerriaren biztanleriaren %40a biltzen dutenak. Udalerriak dira herritarrengandik hurbilen diren erakunde publikoak, herritarren beharrak errazkien igartzeko gaitasuna dutenak. Gure kasuan, udalerrietatik sortzen dira mugimendu sozialak eta edozein koloretako aldarrikapenak. Arenys de Mar herrian, alkate bezala gobernatzen dudana, duela 170 egun, arratsaldero iluntzeko 20:00etan zenbait musikarik “El Cant dels Ocells” espontaneoki jotzen dutela, preso politikoen askatasuna eskatzeko. Egunero egunero, gutxienez 50 pertsonek parte hartzen dute. Udaletxeko balkoietan hainbat aldarrikapen eskegita ditugu, eta udal plazan elkarretaratzen gara gure herriaren askatasunaren aurkako erasoren bat gertatzen denean. Modu horretan, herritarrek udaletxeko plazatik haien iritzia plazaratzeko gunea dutela senti dezakete. Gure aurkako erasoren bat den aldiro, plaza berez adin eta jite ezberdinetako pertsonaz betetzen da.

5. Udalgintzak zer ekarpen egin diezazkieke prozesu subiranistei?

Udalerriek ekarpen handia egin diezaiokete prozesuari: jardunaldiak antolatuz, liburu aurkezpenak eginez, argitalpenen bidez, antolakunde subiranisten ekimenak sustengatuz, sinbolo independentistak ezarriz... Erreferenduma arrakasta kolektiboa izan zen; Estatu Espainolaren erasoen ondorioz, jendea erabat inplikatu zen. Hautestontzi bakar bat ere ez zuten atzeman, eta hori udalerrietatik era ia klandestinoan antolaturiko pertsona sareari esker izan zen. Udaletxeetatik, kasik edozer lor daiteke. Udaletxeei esker aldarrikatu zen Espainiako Bigarren Errepublika, esaterako. Alkateek garrantzia itzela izan dugu prozesu independentistan gure Gobernua eta gure parlamentariak babestuz.

 6. Zeintzuk dira AMIren erronka nagusiak, eta zeintzuk dira garatzen ari dituen proiektuak?

Une honetan, Estatu Espainolaren urriaren 1eko gertakarien inguruko diskurtsoari buru egitea da gure lehentasunezko proiektua. Guardia Zibilaren txostenek ez dute islatzen benetan gertatu zena. Katalunian ez da izan biolentziarik prozesu osoan. Ez dugu hautsi zakarrontzi bat bera ere ez, izandako mobilizazio jendetsuetan. Orain arte izan den biolentzia bakarra, Guardia Zibil eta Polizia Nazionalaren aldetik heldu da. 2017ko urriaren lehenean, bozkatzea beste xederik ez zuen jende babesgabea kolpatu zuten. Independentismoa erabat baketsua da, eta horrela jardun zuela argitzea da gure borondatea. Estatu Espainolak, benetan gertatu ez ziren gertakariak gertatu zirela sinestarazi nahi izan du.Bestetik, erreferendumari bidea irekitzeagatik auzipetu zituzten 700 alkateak babestea da esku artean dugun beste egiteko garrantzitsuetako bat. Udalerrietatik herri berri, baketsu eta aske baten alde borroka egin behar dugu, oinarrizko giza-eskubideak eta askatasun publikoak urratuak izango ez diren estatu berri baten alde.

Albisteak