Albisteak

Oihan Mendo: “Udalbiltza Nafarroako erdialdera eta hegoaldera berriro gerturatzea lortu behar dugu”

Oihan Mendo Garesko alkatea eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea da

- Garesko alkate zara, eta azken Batzar Nagusiaz geroztik Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide. Erraza egin zaizu Udalbiltzaren zereginetan murgiltzea?

Toki guztietan bezala hasieran lan dinamikaren erritmoa hartzea zaila da eta bapatean hainbat gai berri landu beharra eromen puntu bat dauka, baina Udalbiltzako Batzar Eragileko kideak eta pertsonal teknikoa erraztasun guztiak eman dizkit lehenbailehen buruko pelotoiaren erritmoa har nezan. Nire eskerrak beraientzako.

-Nafarroatik nola ikusten da Udalbiltzaren dinamika?

Nafarroa oso herrialde aberatsa da zentzu guztietan eta ondorioz ezinezkoa egiten zait Nafarroaren ikuspegi orokorra ematea. Bai esan dezaket nire zonaldean, Nafarroako erdialdean, behin ilusioz jaso zela Udalbiltzaren jaiotza eta dinamikak, baina denborarekin gero eta urrunagoak ikusten genituela bai dinamikak, bai Udalbiltzaren presentzia. Orain, Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuaren ondorioz, Udalbiltza Nafarroako erdialdera eta hegoaldera berriro gerturatzea lortu behar dugu, hau nire helburu pertsonaletako bat izanik.

-Zure iritziz, zeintzuk dira Udalbiltzaren erronka nagusiak?

Bi dira nire ustez erronka nagusiak: alde batetik Udalbiltza zentzu guztietan transbertsala izatea, bai politikoki, bai sozialki, Katalunian AMIk lortu duenaren antzera. Beste aldetik, Udalbiltza udalentzako tresna politiko eraginkor eta erabilgarri bat bihurtzea, aldi berean Euskal Herriko udal dinamika ezberdinei kohesioa emanez, batasun bat sortuz. Batasun hori, gainera, kontutan izan behar ditu Nafarroako eta Iparraldeko erritmoak, erronka politiko potoloa, beraz Udalbiltzak daukana.

-Batzorde Eragileko kide bakoitzak proiektu baten ardura duzue esku artean. Zurea, hastapenetan badago ere, Esperientzien Bankuarena da. Zein asmo duzue horrekin?

Euskal Herrian lankidetzarako sinergiak ugariak dira gizartean eta enpresen munduan. Zergatik ez udalgintzaren arloan ere? Badakigu Euskal Herriko udalak, bakoitzak bere helburuekin, proiektu aitzindari eta aurrerakoiak garatzen ari direla, eta esperientzien bankuak ezagupen eta esperientzia hori Euskal Herriko udalen mesedetara jarri nahi ditu.

-Garesen udal gobernuak orain arte egin duen lanaren balorazioa egingo zenuke?

Gu talde oso gaztea gara eta udalera bi proiektu nagusi eraman genituen: tokiko garapena eta parte hartzea. Legegintzaldiko hiru urte pasata lana itzela izanik, gure dinamika politiko eta ideologikoak joko mahai politikoaren erdialdean kokatzea lortu dugula uste dut eta hau izugarrizko aurrerapausoa da gure testuinguruan. Tokiko garapenari dagokionez adibidez, gizarte klausuletako ordenantza onartu dugu, energia berriztagarrien arloan saridun suertatu den plangintza batean murgilduta gaude eta langabetu eta tokiko dendariekin ere proiektu indartsuak martxan jartzea lortu dugu. Parte hartzearen arloan, Garesen lehendabiziko aurrekontu parte hartzaileak landu ditugu eta herritarrekin elkarlana garatzeko auzo batzarrak antolatu dira, hauetatik dinamika oso onean dauden talde herritar autonomoak sortuz, garbiTU Gares adibidez. Ondorioz, gure balorazioa oso ona da, orain gure helburu nagusia proiektu hauei jarraikortasuna ematea da.

 

Albisteak