Albisteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzako Partzuergoak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Udalbiltza Partzuergoak hainbat proiektu burutzeko lankidetza hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Hitzarmen honek jasotzen duenez, Udalbiltzak 2018an Euskal Herriko mapa turistikoa, Esperientzien Bankua, Hurbiltzen programa eta Euskaldunen Historia memoriala proiektuak landuko ditu eta GFAk 50.000 euro erabiliko ditu “Partzuergoaren 2018ko ohiko jarduera finantzatzeko”.

Bi erakunde publikoen arteko hitzarmenaren arabera, GFAren lehentasunen artean dago lurraldearen garapena eta kohesio sozioekonomikoa, orokorrean, eta Gobernantzako departamenduaren helburuak dira, bereziki, “kanpoko harremanak sendotzea, eta are zehatzagoa, eskualdeko erakunde politiko eta sozialekiko mugaz gaindiko harremanak sustatzea eta garatzea, eta baita herritarren partaidetza politikak bultzatzea ere; beraz, argi ikusten da Gipuzkoako Foru Administrazioak bat egiten duela, gaur egun, Udalbiltza Partzuergoa burutzen ari den lanarekin”.

Hori dela eta, hitzarmenak dio xedea dela bi erakaunde publikoen artean lurraldearen garapena eta kohesio soziekonomikoa sustatzea, bi erakundeen lurralde komunetako jarduketa esparruetan.

Udalbiltzaren lehendakari Luis Intxauspek garrantzitsutzat jo du hitzarmena lotu izana, “GFAk elkarlanerako erakutsi duen borondatea eskertzekoa delako”. Bestetik, Intxauspek gogorarazi du lan bilerak egiten ari direla bai Arabako eta baita Bizkaiko diputazioekin ere, GFArekin lotutako hitzarmen beretsuak lortu ahal izateko.  Eta diputazioekin bezala, baita Nafarroako, EAEko gobernuekin eta Ipar Euskal Herriko Elkargoarekin.

Albisteak