Albisteak

Euskaldunon Historiaren Memoriala Senperen

Udalbiltzak “Euskaldunen Historiaren Memoriala” eraikiko du Senperen (Lapurdi) Anai Artea elkartearekin lankidetzan. Euskaldunen historiaren 22 gertakari edo garai garrantzitsu identifikatu ondoren, historialariek testu batean laburbildu dituzte eta bideoak grabatu dira. Bideoak oraindik egin gabe dagoen eskulturaren inguruan jarriko diren lau paneletan ikusgai izango dira QR kode baten bitartez, mugikorrarekin.

- Memoria: Herri eraikuntzarako giltza

Memoria historikoa gai estrategikoa da edozein herrirentzat, baita Euskal Herriarentzat. Etorkizunari begiratzeko iragana zaindu beharra dago eta Udalbiltza, Anai Artea elkartearekin batera, erronka horri eutsiko dio. Historia komuna dugula erakutsiko da, etorkizunean euskal gizartea baturik izateko aukera legokeela azaleratzeko. Oroimen historikoa herri baten nortasunaren parte da eta zentzu horretan, nazio eraikuntzaren bidean zutabe garrantzitsuetariko bat da.

Fisikoa ez den gure ondare komuna nola transmititu? Jakinez gai irristakorra eta korapilatsua dela. Izan ere, maiz instituzioek ondare historikoaren transmisioa beren gisara moldatzen dute, herri gutxituei historiaren bertsio bat inposatuz. Hortaz, Senpereko memoriala gure historiaz berjabetzeko tresna komuna da. Bertan egina mundu zabalari iradokitzeko zer ginen, zer garen eta zer izan nahi dugun.

Lan zientifikoa da Senperekoa, Euskal Herri osoko dozena bat historialarik lan egin baitute aipaturiko 22 gertakari edo garaien nondik norakoak azaltzeko.

Mondragon Unibertsitateko ikerketa talde batek egin du memoriala gizarteratzeko komunikazio plana, eta aurten martxan jarriko da.

Memoriala Senperen kokatuko denez, lan berezia egingo da Hego Lapurdiko herrietan, batez ere finantzazio osagarriak lortze aldera, baina Euskal herri osoan oihartzuna izan dezan ahalegina egingo du Udalbiltzak.

 

Albisteak