Albisteak

Aurten Argantzunen izango den Araba Euskarazi bulkada berezia emateko deia egiten du Udalbiltzak

Irrikitan lelopean, 2018ko Araba Euskaraz toki oso berezi batean ospatuko da, oraindik Gaztela-Leongo administrazioren mende dagoen Argantzunen, hain zuzen ere, ekainaren 17an.

Hirugarren aldiz ospatuko da Araba Euskaraz Argantzunen. 2001 eta 2007ko edizioen ondoren 2018koaren ordua iritsi da. Ekainaren 17an ospatuko da.

2003an Ikastola sortu zenean, gutxik uste zuten dagoen tokira iritsiko zirenik baina, Araba Euskaraz ospatzeak, oraindik ere bizirik dauden seinale argia da.

Ez da ibilbide erreza izan, eta oraindik ere, Ikastolaren egunerokoa lasai izatetik oso urruti dago. 14 urte hauetan, Ikastola erreferentzia bilakatu da inguruko herrietako familia euskaltzaleentzat. Ikasle kopuruarekin arazorik izan ez badute ere, ofizialki Burgosen kokaturik dagoen lurraldean egoteak zailtasun handiak suposatu ditu, mota guztietako baliabideen aldetik (pertsonalak, materialak eta ekonomikoak). Hala ere, irakasle, familia eta EHIren inplikazioari esker, proiektuarekin aurrera egitea lortu dugu.

Urteetan familia askoren eskaera izan den Ikastola handitzeari helduko diote. Honela Haur Hezkuntza eskaintzen duen Ikastola izatetik, Lehen Hezkuntza ere eskaintzeko saltoa egiteko asmoa dute eta LHko eraikina ordaintzeko bideratuko da eskuratutako dirua.

Horregatik Udalbiltzak dei berezia egiten die hautetsiei Argantzungo ikastolaren egoera berezia kontuan hartuta, merezi duten neurriko laguntza eskain dezagun.

 

Albisteak