Albisteak

Udalbiltzak oparotzat jo du pasa den urtea Oiartzunen egindako Kontseilu Nagusian

Urtarrilaren 26an Kontseilu Nagusia burutu zuen Udalbiltzak Oiartzunen. Besteak beste, jorratu ziren gaiak 2018ko aurrekontua, urteko egutegia eta agenda, Kuota sistemaren egokitzapena Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian eta 2018ko plangintza izan ziren.

Iazko jardueraren balorazioa ere egin zen eta urte oparotzat jo zen. Alde batetik, Udalbiltzan Bagabiltza prozesuak emandakoak azaldu ziren. Etorkizuna erabakitzeko hautetsien parte hartzean oinarritutako gogoeta izan da, 500 hautetsik baino gehiagok parte hartu dutena zuzenean. Prozesu honi 2017ko azaroan eman zitzaion bukaera hautetsien Batzar Nagusi baten bidez. Batzar horretan printzipioak bozkatu ziren eta hurrengo hamar urteetarako lan ildoak onartu ziren.

Bestetik, gogoetaren testuinguruan harremanak normalizatzeko eta elkarlana sustatzeko Euskal Herriko erakunde nagusiekin hartu eman zuzena izan du Udalbiltzak.

Partzuergoa handitzeko ahaleginek izan dute emaitza aurten ere: 7 udal berri sartu dira 2017. urtean, beraz, 75 udalek osatzen dute erakundea gaur egun.

Horrez gain, ohiko programek martxan jarraitu dute, Hurbiltzen eta Ikerbiltza kasu. 2014an eta 2015ean landu eta martxan jarritako Pirinioak Lan eta Bizi ekimen garrantzitsuaren barnean ekimena baloratzeko eta sozializatzeko urtea izan da 2017a. Eragile eta onuradunekin hartu eman zuzena izan dugu aipatutako balorazioa egiteko eta urtea amaitu aurretik Pirinioetan posible delako jardunaldia egin genuen Iratin.

Azkenik, Kataluniako prozesua dela, Udalbiltzako hautetsien parte hartzea nabarmendu zen urriaren 1eko erreferendumean.

 

Albisteak