Albisteak

Inoiz baino biztanle gehiago dago Euskal Herrian: 3.143.000

Hiru milioi biztanleren langa 2006an gainditu zuen Euskal Herriak, eta goitik egon da harrezkero. 2016 eta 2017 arteko datuak alderatzen badira, ia 10.000 biztanle gehiago ageri dira, 9.860 gehiago.

Joan den urteko biztanleria datuak eman dituzte Frantziako eta Espainiako estatistika erakundeek, eta haietatik Euskal Herriko datuak atera ditu Gaindegiak.

Inoiz baino biztanle gehiago dago Euskal Herrian, datu horien arabera: 3.142.982. Hiru milioi biztanleren langa 2006an gainditu zuen Euskal Herriak, eta goitik egon da harrezkero. 2016 eta 2017 arteko datuak alderatzen badira, ia 10.000 biztanle gehiago ageri dira, 9.860 gehiago.

Herrialde guztietan areagotu da biztanleria, Zuberoan izan ezik. Urtez urteko jaitsiera ageri du herrialde horretako biztanle kopuruak. Igoerei dagokienez, nabarmentzekoa da Lapurdirena: urtebetean %1 hazi da. Norabide hori ikusita, Gaindegiak ohartarazi du Ipar Euskal Herriaren "metropolizazioa" mahai gainean dagoela. Lapurdi kostaldean eta Atturri hirigunean ari dira biztanleak pilatzen. Izatez, Euskal Herri osoari erreparatuta, hiriguneetan bizi dira herritarren erdiak (%51), eta beste %29, bitarteko hiriguneetan. Landaguneetan bost biztanletik bat bizi da.

Eskualdekako datuak aztertuz gero, "desoreka nabarmenak" daude: despopulatzen ari dira eskualde batzuk, eta biztanleak irabazten beste batzuk. Batez ere lau herrialdetan nabari da joera hori: Nafarroa Beherean, Zuberoan, Nafarroan eta Araban.

Albisteak