Albisteak

Udalbiltzak elkarlana gauzatzeko hainbat proiektu aurkeztu dizkio Arabako Foru Aldundiari

Euskal Herriko Mapa Turistikoa eta Esperientzien Bankua izan dira, besteak beste, aztertu dituztenak

Udalbiltza Partzuergoaren ordezkaritza bat Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezekin bildu da gaur goizean. Bileraren helburua bi erakunde publikoen arteko elkarlana gauzatzeko proiektuak aztertzea izan da.

Udalbiltzako lehendakari Luis Intxausperekin batera, Alaitz Aizpurua Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea izan da bileran eta, biek ala biek, Udalbiltzak esku artean dituen proiektuen berri eman diote Ahaldun Nagusiari. Besteak beste, Euskal Herriko Mapa Turistikoa eta Esperientzien Bankua zertan dautzan azaldu diote Gonzalezi eta honek konpromezua hartu du gaia aztertzeko eta hurrengo bilera baterako elkarlana zein proiekturekin lotu erabakitzeko.

Bestetik, Intxauspek Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuak zer eman duen eta Udalbiltzaren azaroko Batzar Nagusian hartutako erabakien berri eman dio Ahaldun Nagusiari.

Gaurko bilera honekin Udalbiltzak jarraitzen du Euskal Herriko erakunde publiko nagusien artean erronda egiten elkarlana lotzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlana bideratuta, Nafarroako gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu da eta hurrengo bilera Bizkaiko Foru Aldundiarekin izango du.

 

Albisteak