Albisteak

Datorren hamarkadarako lan ildoak zehaztu ditu Udalbiltzaren Batzar Nagusiak

Hautetsien eta eragileen saretze dinamikak aipatu dira, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzia Bankua bultzatzea eta EHNA berrindartzea, gaur egungo egoerara egokituta

Udaberrian hasitako Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesauri amaiera eman dio gaur Udalbiltzak egin duen Batzar Nagusiarekin.

Hautetsiek Udalbiltzan sortu zeneko 1999ko printzipioak berregokitu dituzte, datorren hamarkadarako lan ildoak zehaztu eta Batzorde Eragile berria hautatu. Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek esan du Udalbiltza behar beharrezkoa dela gaur egun eta behar beharrezko izango dela datozen urteotan “Euskal Herrian kohesioan sakontzeko eta lurralde poltika nazionala egiteko, Euskal herria Euskal Herriago izan dadin”. Intxauspek azaldu du Udalbiltzak egiten duena ez duela beste admnistraziorik egiten, horregatik Udalbiltza tresna izan litekeela administrazizoen arteko politika bateratuak egiteko.

Lan ildoen artean hautetsien eta eragileen saretze dinamikak aipatu dira, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzia Bankua bultzatzea eta EHNA berrindartzea gaur egungo egoerara egokituta, besteak beste.

Hitzaldi politikoan Intxauspek nabarmendu du administrazioen arteko zubiak eraikitzen jarraituko dutela eta dituzten harremanetan sakontzen, helburua baita Euskal Herri mailako lurralde politikak bultzatzeko sinergiak sortzea.

Euskal Herri mailan, udalerrien eta herritarren artean elkartasun sare zabala osatzen duten egitasmo eta elkarlanak bultzatzeko konpromisoa agertu dute. Horrez gain, Udalbiltza erabilgarri eta funtzionala izan behar dela aldarrikatu da. Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagundu eta gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiaren lanketan lagunduko duena.

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuan 600 lagun inguruk parte hartu dute, gehienak hautetsiak baina baita hautesi ohi, gizarte eragile eta herriatarrak. Hautetsiak 201 herri eta 23 eskualde desberdinetakoak izan dira. Eskualdeka izan dira prozesuak, gehienetan 3 saiokoak; beste batzuetan buruz burukoen bidez. Guztira 50 saio eta 30 buruz buruko baino gehiago egin dira. Herrialdez herrialde, eskualdez eskualde.

Albisteak