Albisteak

Kataluniatik bueltan, bertatik jasotako “lezio ederra”nabarmendu du Udalbiltzak

Beharrezko zen lana egiteko hantxe izan gara. Lana ongi egin dugu. Eta beraien esker oneko hitzek, pozez eta emozioz lehertu gaituzte. Elkarrekin negar egin dugu, elkar besarkatu dugu.

Udalbiltzako 100 hautetsi Katalunian izan dira Urriaren 1eko galdeketan nazioarteko gonbidatu gisa, Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearen (AMI) eskutik. Gaur prentsaurrekoa eskaini du Udalbiltzak, joan den asteburuan Katalunian bizi izandakoaren berri emateko. Bertako toki ezberdinetan banatutako taldeek bi egun intentso, bizi, aberasgarri eta eredugarriak bizi izan dituzte, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete AMI-ri eta txaloka eta esker onez jaso zituzten katalanei:

“Ordezkaritza Euskal Herri osoko alkate eta zinegotziek osatu dugu, hego nahiz iparraldeko. Bi egun izan dira, intentsoak, biziak, aberasgarriak eta eredugarriak gu guztiontzat. Alde politikoan eta humanoan. Estatu baten inposizio, biolentzia eta humilazio saioaren aurrean norbanakoak ikusi ditugu, taldeak, eragileak, erakundeak, zinegotzi eta alkateak… pertsonak ikusi ditugu adore handiz, determinazio handiz, portaera eredugarriz… herri  antolatu bat kusi dugu, aske bizitzeko ahaleginetan dabilen herri bat ikusi dugu, armez ere, geldiezin den herri aberats bat ikusi dugu.

Asteburu honek, erreferendum honek, betiko markatu gaitu gu guztiok.

Espainiako gobernuak ez du parez pareko Katalunia onartzen. Ez Katalunia eta ez beste inor, noski. Espainiako gobernu guztientzat Espainia bakarra da, zatiezina. Kontua ez da herri batek libre izan nahi ote duen, ez, kontua da Espainiako marko politikoan herri batek, izan Katalunia edo Euskal Herria, ezin diola galdetu bere buruari libre izan nahi ote duen ala ez. Ez zaiola aitortzen etorkizuna erabakitzeko ahalmenik, eskubiderik, ustezko demokrazia batean herritarrek bozkatzeko duten eskubidea, porraz eta tiroz debekatzeko saioa egiteraino. Populazio zibilari oldartu eta ia mila zauritu eragiteraino.

Igandean independentzia nahia jokoan zegoen erreferendumaren ingurukoak ikusi eta bizi izandakoaren aurrean, Udalbiltzak zera adierazi nahi du:

-Lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkie kataluniar guztiei, bozkatzera joan zirenei eta joan ez zirenei. Estelada bizkarrean zeramatzatenei eta Espainiako bandera zeramatzatenei. Izandako portaera, inolako istilurik sortu ez zuena, irakasgai ederra izan da. Iritzi desberdinak elkarrekin bizi dira, hurbil, baina bizi dira eta ez dira istilu eragile. Herri bat da kataluniarra. Ez dugu herritarren arteko amildegirik sumatu.

-Herri antolatu bat ikusi dugu. Plan bat, plangintza bat duen herri bat ikusi dugu. Sustrai sakonak dituen herri bat ikusi dugu. Adorea duena, determinazioa, ilusioa, nora joan dakiena… baina gauzak aldez aurretik planifikatu behar direla dakiena. Milaka polizien aurrean bozkalekuak irekitzen dituena, babesten dituena. Gezurra badirudi ere deliturako baliabideak ziren hautesontziak eta boto paperak puntu-punttun agerrarazten dituena. Munduko baldintza kaskarretan erreferendum eredugarria antolatzen dakiena.

-Herri batu bat ikusi dugu. CUPekoa izan, ERCkoa, PdCATekoa, kolore politiko jakinik gabeko pertsonak ikusi ditugu, herritar soilak ikusi ditugu denak, ahalegin berean, ilusio berarekin. Gure buruei galdetzen diegu zenbat haserraldi, iskanbila, liskar gainditu ote dituzten azken urteotan, gustuko zenbat jokabide eta erabaki irentsi dituzten… eta hala ere, igandean, erakutsi dute horren guztiaren gainetik, norberaren ideologiaren gainetik herri logika ipintzen denean herritarrak garailea direla. Bai, Kataluniak erakutsi digu herri logika gailentzen denean, herritarrek hori barneratzeko ahalegina egiten dutenean, ezinezkoa ekinez egiten dela.

-Herritarrek ordezkari politiko konprometituak dituztela ikusi dugu. Governeko buruzagiak, goi agintariak, alderdietako buruak eta zinegotzi eta alkateak. Herritarrekin batera, ahalegin berean, alde pertsonala alde batera utzi eta herri zerbitzuan. Liluratuta utzi gaituzte Kataluniako hautetsiek, maitatu gaituzte, maitasun osoz hartu gaituzte, gure lana eskertu digute.

Beharrezko zen lana egiteko hantxe izan gara. Lana ongi egin dugu. Eta beraien esker oneko hitzek, pozez eta emozioz lehertu gaituzte. Elkarrekin negar egin dugu, elkar besarkatu dugu. Pozez gainezka etorri gara. Eskertzekotan guk eskertu behar diegu hautetsi horiei guztiei, AMIKo buruzagiei gugan jarri duten konfiantzagatik. Egun historiko hori beraiekin partekatzen uzteagatik.

- Irakasgai ederra eman digute igandean kataluniarrek euskaldunei. Europar guztioi. Horregatik Udalbiltzak dei egin nahi euskal gobernuetako kideei, goi agintariei, alderdietako buruzagiei, kolore guztietako herritarrei, eta batez ere, zinegotzi eta alkateei herri logikarekin lan egin dezatela, herri antolatu eta batu bat lotzeko, Katalunian bezala, ezinezkoa, Euskal Herrian ere, ekinez egiteko.      

Albisteak