Albisteak

Udalbiltzak Kataluniako erreferendumean parte hartuko duela iragarri du

Espainiako fiskaltzak abiatutako alkateen kontrako jazarpena “Francoren garai iluneratara” garamatzala esan du Luis Intxauspe lehendakariak.

Kataluniaren egoeraren larritasunaz ohartarazi eta kezka agertu nahi izan du gaur Udalbiltzak Donostiako udaletxean egindako agerraldian. Udalbiltzako lehendakari Luis Intxausperekin batera, Amaia Almirall Donostiako zinegotzia, Jon Arriola Berriatuako alkatea eta Maite Iturre Baztango zinegotzia izan dira.

Intxauspek azaldu duenez, “herritarrei hitza ematea, herritarren borondatea zein den jakitea edota herritarrei bozkatzeko eskubidea bermatzea oinarrizko ariketa demokratiko bat da.  Hala ere, badirudi Espainiako gobernuak, ustezko justiziak eta komunikabide gehienek demokraziaren oinarrizko ariketa horri beldur diotela; hau da, herritarren borondatea entzuteari eta errespetatzeari ikara diotela”.

“Eskozian, Quebecen eta beste hainbat herrialdetan normaltasun osoz egiten den ariketa demokratiko hori Katalunian debekatu egiten da. Zergatik? Espainiako Konstituzioa urratzen omen duelako. Espainian herritarren borondateak ez du piperrik balio PPren eta PSOEren dantzan dabiltzan Auzitegi Konstituzionaleko epaileek hala diotelako. Lotsagarria benetan”, gaineratu du Udalbiltzako lehendakariak.

Udalbiltzaren iritziz, une honetan Espainiako Gobernuak bere indarra eta boterea ezarri nahi ditu kataluniar gehiengoaren borondatearen kontra, eta indarra erabiltzen ari den neurrian Udalbiltzak esaten du, garbi eta ozen, gertatzen ari dena injustizia izateaz gain onartezina dela. Gaur, 2017an, Europako Batasunaren baitan Espainiak nazio baten hautu politikoa indarrez, Guardia Zibilaren indarrez, herri horren askatasunerako borondatea zapaldu nahi du, eta Udalbiltzak salatu nahi du Espainiako gobernuaren jarrera munduko diktadura ustelenen pare jartzen ari dela. Hitzen bitartez konpon ziteken arazo politiko bati armaz, debekuz eta mehatxuz erantzuten ari zaio. 

Espainiako fiskaltzak atzo zabaldutako ebazpenak muga guztiak gainditu dituela iritzi dio Udalbiltzak. Hautetsiak delitu-egile bihurtu nahi ditu. Esan du 712 alkate deklaratzera deituko dituela, eta borondatez ez bada atxilotzeko agindua eman du. Non eta Europan, XXI. mendean. Ulertezina.

Azkenik, Udalbiltzak zera iragarri du: egoera honen aurrean, Udalbiltzak, Urriaren 1ean, erreferendumaren antolakuntzan modu batez edo bestez parte hartuko du, elkartasuna adierazteaz gain, urratu nahi den demokrazia ariketa, urratu nahi den kataluniarren borondate politikoaren defentsan jarrera aktiboa izango du. Horretarako Independentziaren aldeko Udalerrien Erakundearekin, AMIrekin, harremanetan da eta horren emaitza urriaren 1ean gauzatuko da. Larunbatean ere, Bartzelonan egingo den alkateen protesta bilkurara Udalbiltzako ordezkaraitza bat joango da.

Azkenik dei egin die Euskal Herriko hautetsiei larunbatean Bilbon egingo den manifetazioara joateko.

 

 

 

 

Albisteak