Albisteak

“Euskal Elkargoa eta muga-gaindiko lankidetza” foroak oso harrera ona izan du

Eusko Ikaskuntzak, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Udalbiltzak Baionan antolatutako jardunaldian sakon aztertu da gaia

Euskal Herriak hainbat aldaketa bizi ditu gaur egun, batez ere maila politiko-instituzionalean. Izan ere, Nafarroko aldaketa politikoak, Euskal Elkargoaren sorrerak eta erabakitzeko eskubidearen inguruan eratzen ari diren dinamika ezberdinek agerian ematen dute hausnarketarako pista berriak irekitzera doazela Euskal Herrian.

Testuinguru horretan, Eusko Ikaskuntzak, Udalbiltza Partzuergoak eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak gai horren gainean foroa antolatu zuten elkarrekin ekainaren 1ean,  Baionako Euskal Museoan.

Bi mahai-inguru izan ziren, Argitxu Etchandy Udalbiltzako teknikariak eta Jean-Michel Larrasquet Eusko Ikaskuntzako buruak moderatuta. Lehenean, egituraketa instituzionala eta gizarte zibilaren gaia jorratu zuten Kotte Ecenarro Euskal Elkargoko muga-gaindiko politikarako kargudunak, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak, Daniel Arbulu Gipuzkoako Foru Aldundiko muga-gaindiko kolaboraziorako arduradunak, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko kontseilariak eta  Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakariak.

Bigarren mahai-inguruan ekonomia, tokiko garapena, ikerkuntza eta berrikuntza jorratu zuten Michel Etchebeste Euskal Elkargoko ekonomia karguduna eta Artzainak enpresa taldeko buruak Maite Iturre Udalbiltzako Batzorde eragileko kide eta Cederna-Garalurreko lehendakariak Battitt Laborde Sarako auzapezak.

 

 

Albisteak