Albisteak

Adierazpen Instituzionala: ETAren armagabetzearen harira

ETAren armagabetzea apirilaren 8an izango den iragarpenaren ostean, Udalbiltzak iritzi dio ekinbide horrek gaur egungo euskal gatazkaren ondorioen aurrean irtenbidea emateko sekulako garrantzia duela elkarbizitzan sakontzeko, preso eta iheslari politikoen etxeratzea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa landu ahal izateko. Horregatik Udalbiltzak deritzo armagabetze prozesu horri sostengu legala, politikoa, instituzionala eta soziala eman behar zaiola.

Hori dela eta, Udalbiltzak zera adierazi nahi du:

1-Udalbiltzak desio du armagabetzea osoa izatea, erabatekoa eta egiaztatua; horretarako, behar diren bermeak jarri beharko dira, inpartzialtasuna zaintzeko.

2-EAEko eta Nafarroako gobernuei nahiz erakunde nagusiei dei egiten die eragile aktiboak izan daitezen armagabetzea behar bezala burutzeko.

3-Espainiako nahiz Frantziako gobernuei eskatzen die laguntzeko eta parte hartzeko borondaterik izan ezean, inolako trabarik jar ez dezaten.

4-Udalbiltza bakearen artisauei aitortu nahi die egiten ari diren lan mardula.

5. Udalbiltza Partzuergoak dei egiten die Euskal Herriko hautetsi guztiei eta bereziki Udalbiltzara atxiki direnei, apirilaren 8an, Baionara etortzeko, bakearen artisau bilakatzeko.

6.- Apirilaren 9tik aurrera Udalbiltzak lanean jarraituko du bakea eta elkarbizitzan urratsak egiten Euskal Herria justuagoa, solidarioagoa eta batuagoa izateko. 

Albisteak