Albisteak

Udalbiltzak eta Eudelek elkarrekin lan egiteko borondatea erakutsi dute

Bilera egin dute Imanol Landa Eudeleko arduradunak eta Udalbiltzako lehendakari Luis Itxauspek.

Eudelek eta Udalbiltza Partzuergoak bilera egin dute gaur goizean Bilbon bi erakundeen nondik norakoak partekatzeko.

Eudeleko buru Imanol Landa eta Udalbiltza Partzuergoko lehendakari Luis Intxauspe eta batzorde eragilearen kide Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maite Iturre izan dira bileran.

Udalbiltzako ordezkaritzak Landari azaldu dio hautetsien artean Udalbiltza Partzuergoa sustatzen ari den Udalbiltza Bagabiltza gogoeta prozesua zertan datzan, izan ere, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan eskualdez eskualde egiten ari baitira hautetsiekin bilerak. Bilera horietan, egungo egoera politikotik abiatuta, Udalbiltzak nolako berregokipena izan behar duen aztertzen ari dira.

Landak, berriz, Udal Legearen ezarpenak ekarri dituen aldaketak eta, oro har, Eudel zertan ari den azaldu die Udalbiltzako ordezkariei.

Bilera amaitu ostean Intxauspek adierazi du “oso sintonia beretsuan daudela bi erakundeak elkarren arteko lana sustatzeko”. Gaineratu du bi erakundeok egungo egoera berriaren azterketa egiterakoan bat egin dutela erakundeen arteko harremanak normalizatzeko sasoia dela esaterakoan, eta horrek “emaitza positiboak izan behar duela elkarrekin lana egiteko orduan”.

Albisteak