4

Albisteak

Elkarlana nola sustatu aztertzeko lan bilera izan dute Iruñeko udalak eta Udalbiltzak

Joseba Asiron eta Luis Intxauspe elkarrekin ekimenak bultzatzeko baikor agertu dira udaletxean egindako bileran.

Iruñeko udalak eta Udalbiltza Partzuergoak bilera egin dute gaur goizean bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeko bideak aztertzeko, eta bilera ostean azaldu dute hainbat ekimen aurten bertan gauzatzeko ahalegina egingo dutela.

Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Udalbiltza Partzuergoko lehendakari eta batzorde eragilearen kide Luis Intxauspe, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Unai Lako bildu dira Iruñeko udaletxean. Udalbiltza Partzuergoa Euskal Herriko gainerako erakundeekin egiten ari den bilera guztietan bezala, gaur egungo jardueraren berri eman diote alkateari. Hautetsiekin egiten ari den Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkiote, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren, eta baita esku artean dituzten proiektuen berri ere.

Ohiko harremanak

Udalbiltzak ohiko harremanak ditu Iruñeko udalarekin, eta elkarrekin egiteko hainbat proposamen luzatu dizkio lehen dik ere. Horien artean, iaz Gasteizen egin zen Euskal Herriko Emakume errugbilarien topaketen antolaketa jarri da mahai gainean, eta udalak interesgarritzat jo du ekimena. 

Bestetik, Intxauspek eta Lopez de Aberasturik azaldu diote Asironi euren asmoa badela Euskal herriko hiriburuen arteko elkarlana sustatzea eta beste hiriburekin batera ekimen bateratuak egiteko proposamena lantzen ari dela jakinarazi diote. Iaz Gasteizko udalarekin sinatutako hitzarmenaren eredua eta edukia eredugarri izan liteke horretarako.

Hurrengo bilera, Eudelekin

Bileraren ondoren Luis Intxauspek eskertu egin du Joseba Asironen harrera eta esan du baikor irten dela bileratik erakunde desberdinen arteko elkarlana sustatzeko borondatea ikusi duelako.

Udalbiltza partzuergoa erakundeekin egiten ari den bileraren errondaren baitan, gaurko txanda Iruñean eginda hurrengo hitzordua datorren astean izango da Eudelekin.

Albisteak