Albisteak

Adierazpen Instituzionala: Martxoko herri-galdeketak

Martxoaren 19an egingo diren herri galdeketen harira, Udalbiltzak eginiko Adierazpen Instituzionala:

Edozein demokraziaren urrezko lehen araua herritarren borondatea errespetatzea da. Jakinik Espainiako eta Frantziako gobernuek sarritan euskal herritarren borondatea urratu ohi dutela Udalbiltza Partzuergoak kezkaz bizi du egoera hau.

Hala ere, Gure Esku Dagok (GED) bultzatu duen herri dinamikak esperantzarako leihoak zabaldu ditu, gaur arte 38 herritan egin baitira Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko herritarren borondatea erakutsi duten herri galdeketak.

Bestetik, 2017an ehundik gora herritan aurreikusita dago herri galdeketak egitea, hau da, 600.000 euskal herritarrek baino gehiagok gure borondatea azaltzeko aukera izango dugu ariketa demokratiko honen bitartez. Aurtengo lehen galdeketak igande honetan hasiko dira, hilaren 19an. Gero beste asko etorriko dira uda aurretik eta uda ondorenean, Euskal Herria osatzen duten lurralde ezberdinetan.

Udalbiltzaren sorrerako printzipiotako batek honela dio: Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulertu eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze librean oinarriturik.

Herri galdeketa hauen antolaketa dela eta, Udalbiltza Partzuergoak zera adierazi nahi du:

  • Herri baten etorkizuna erabakitzeko bertako herritarrek duten eskubidea ukaezina da.
  • Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko baliatu ditzagun herri galdeketa hauek guztiak.
  • Udalbiltza Partzuergoak herritarrak animatzen ditu galdeketetan parte har dezaten Euskal Herria osoaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzeko.
  • Udalbiltza Partzuergoak eredugarri jotzen ditu galdeketa hauek antolatu dituzten herriak.
  • Euskal Herriko herritarrei, hautetsiei eta udalei dei egiten die era honetako ekimenak ahal duten neurrian bultza eta babes ditzaten.

 

Luis Intxauspe Arozamena

Udalbiltza Partzuergoaren lehendakaria

Albisteak