Albisteak

Udalbiltzak haren etorkizuneko erronken berri eman dio Arabako Foru Aldundiari

Bilera egin dute ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eta Udalbiltzako lehendakari Luis Itxauspek

Arabako Foru Aldundiak eta Udalbiltza Partzuergoak bilera egin dute gaur goizean Gasteizen elkarren arteko harreman instituzionalak sendotzeko.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Udalbiltza Partzuergoko lehendakari eta batzorde eragilearen kide Luis Intxauspe eta Iratxe Lopez de Aberasturi, hurrenez hurren, bildu dira Aldundiaren egoitzan. Udalbiltzako Partzuergoaren gaur egungo jardueraren berri eman diote ahaldun nagusiari, ‘Udalbiltzan Bagabiltza’ gogoeta prozesuaren nondik norakoak, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren, eta baita esku artean dituzten proiektuen berri ere.

Bestetik, Intxauspek eta Lopez de Aberasturik azaldu dizkote ahaldun nagusiari iazko udazkenean Gasteizen Udalarekin batera garatutako ekimenak, hala nola, Euskal Herriko Emakume Errugbilarien I. Topaketak, eta ‘Gasteiz aztergai Unibertsitatean’ jardunaldiak.

Bileraren ondoren Luis Intxauspek eskertu egin du Ramiro Gonzalezek egindako harrera eta esan du bilera hauek Udalbiltza Partzuergoa Euskal Herriko gainerako erakunde publikoekin egiten ari den bilera errondaren baitan kokatzen direla. Izan ere, Partzuergoa bildu da dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako alkatearekin, Nafarroako Kontzeju eta Udalerrien Federakuntzarekin eta hurrengo hitzordua hil honetan bertan izango da, Iruñeko alkatearekin.

Intxauspek nabarmendu du Euskal Herriaren kohesioa gero eta beharrezkoa den sasoi honetan, erakundeen arteko elkarlana behar beharrezkoa dela eta Udabiltza zeregin horretan erakunde guztiekin zubigintzan izango dela. 

Albisteak