Albisteak

Udalbiltza Partzuergoak elkarlana indartzeko proposamena egin dio Donostiako udalari

Bilera egin dute udaletxean Eneko Goia alkateak eta Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek

Donostiako Udalak eta Udalbiltza Partzuergoak bilera egin dute gaur arratsaldean elkarren arteko lan instituzionala nola indartu aztertzeko.

Donostiako alkate Eneko Goia eta Udalbiltza Partzuergoko lehendakari Luis Intxauspe eta Andoni Gartzia zuzendaritzakidea bildu dira udaletxean. Udalbiltzako ordezkariek Partzuergoaren jardueraren berri eman diote alkateari, Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuaren nondik norakoak, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren, eta baita esku artean dituzten proiektuen berri ere.

Intxauspek iaz Gasteizko udalarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman dio Goiari, Gasteizko hainbat enpresatan egindako azterlanak eta auzoen iraunkortasuna aztertzeko eta neurtzeko erabilitako tresnak eraginkortasun handia izan baitezake ere Donostiako eremuan.

Bileraren ostean Luis Intxauspek eskertu egin du alkatearen harrera eta adierazi du bilerak bi erakunde publiko hauen arteko harreman instituzionala normalizatzeko balio izatea espero duela. “Udalbiltza Partzuergoaren organoak berritu egin ditugu eta gure helburuetako bat da harreman instituzionalak normalizatzea erakunde guztiekin eta gaurko bilera norabide honetan urratsa da”.

Gaurko batzarra Udalbiltza Partzuergoa instituzioekin egiten ari den bilera errondan kokatzen da, eta hil honetan bertan Arabako ahaldun nagusiarekin bilduko da.

Albisteak