4

Albisteak

Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta Udalbiltzak bilera egin dute elkarlan instituzionala aztertzeko

Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak eta Udalbiltza Partzuergoak bilera egin dute gaur goizean bi erakundeon arteko elkarlan instituzionala aztertzeko.

 

Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioaren lehendakari Pablo Azconak Udalbiltza Partzuergoko lehendakari Luis Intxauspe eta Nazio Gobernuko kidea den Unai Lako hartu dituzte.

Udalbiltzako ordezkariek Partzuergoaren jardueraren berri eman dute, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren, eta baita esku artean dituzten proiektuen berri ere. Udalbiltzan Bagabiltzan gogoeta prozesuaren berri eman diete. Prozesu honen bidez Udalbiltza Partzuergoak gaur egungo egoera politiko berrira egokitu nahi du. Gaurkoa, bi erakundeen arteko lehen bilera izan da eta bai Intxauspek eta baita Azconak ere “positiboki” baloratu dute. “Etorkizunean bilera gehiago izanen dugulakoan nago, eta ikusiko dugu zein lan eremutan elkarlana posible den”, azaldu du Luis Intxauspek.

Bere aldetik, Pablo Azconak adierazi du bilerak balio izan duela bi erakundeen arteko lehen hurbilketa baterako eta abiapuntua izanen dela etorkizun hurbilean eginen diren beste bilera batzutarako. Gaur egun, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa administrazio lokalaren erreforman murgilduta dago.

Gaurko batzarra Udalbiltza Partzuergoa instituzioekin egiten ari den bilera errondan kokatzen da.

Albisteak