Albisteak

Martxan da Udalbiltza Partzuergoaren Ikerbiltza programa Lea Artibain

Udalbiltza Partzuergoak Ikerbiltza programa aurkeztu die gaur eguerdian Lea Artibaiko alkateei eta Lea Artibaiko eskualdeko herritar, ikasle, irakasle zein ikerlaiei bertan parte hartzeko deia luzatu die.

Egun Euskal Herrian kokatuak dauden unibertsitateetan ematen diren ikerketak eta ezagutzak gizartean aplikazio maila altuagoa izan dezan, Udalbiltza Partzuergoak dituen bost lan lerro nagusiak garatzeko unibertsitate mailan eman daitezkeen aukerak probestea du abiapuntua programa honek.

 

Ikerbiltzaren helburua Euskal Herrian formakuntza prozesuetan dabiltzan herritar, ikasle, ikerlari eta irakasleekin sare bat osatzea da. Honela, haiekin elkarlanean eta gure herriaren beharrak aintzat hartuta (teknikoak, ekonomikoak, juridikoak, sozialak), nazio kohesioaren mesedetan formakuntza prozesu horiek norabidetuz. “Orain arte Nazio mailan aritu izan gara Ikerbiltza programa hau garatzen baina momentua iritsi da lurralde eremu txikiago eta zehatzago batean martxan jartzeko”, adierazi du Luis Intxauspe Udalbiltza Partzuegoaren lehendakariak.

“Urtero milaka gazte pasatzen dira bertatik eta ehundaka ikerketa eta proiektu burutzen dira. Gure herriko hezkuntza zentroetan ematen diren ikerketa eta ezagutzek gizartean aplikazio maila altuagoa izan dezaten Ikerbiltza Programa jarri genuen martxan”, gaineratu du.

Lea Artibaiko Ikerbiltza programaren aurkezpenean baita ere parte hartu du Arkaitz Goikoetxea Etxebarria Munitibarko alkateak. Haren esanetan, “gure herria kohesionatzeko eta herriago izan dadin urratsa da Ikerbiltza, jakintza partekatzeko balio duena, Lea Artibain tresna eraginkorra izateko. Eta elkarlanean sinesten dugulako ari gara Udalbiltza Partzuergoarekin lanean eskuz-esku, herritarren eta erakundeen arteko elkarlana baita aurrera egiteko modu bakarra eta Ikerbiltzak hori ahalbidetzen du, erakundeen arteko elkarlana, herritarren arteko harremanak eta tresna eraginkorrak”.

Goikoetxeak hiru aurkezpen iragarri ditu programaren inguruko xehetasunak eman, herritarren zalantzak argitu eta interesa duen ororen kontaktua hartzeko. Lekeition, Ondarroan eta Markinan izanen dira.

“Euskal Herriaren kohesio eta garapenaren alde lanean jarraitzeko indarrez eta Lea Artibaiko eskualdetik bide horretan pausu txiki-handi bat ematen ari garen konbentzimenduz elkarlanarekin jarraituko dugu”, gaineratu du.

Ikerbiltza programa dagoeneko elkarlanean dago Munitibarko udalarekin eta Eibarko EHUko energia berriztagarrien ingenieritzako eskolarekin Bengola Museoaren efizientzia eta trantsizio energetikoa aztertuz.

Gaurtik aurrera abiatuko dugun dinamika honetan parte hartu nahi izanez gero, Azaroaren 31 arteko epea izango da izen-ematerako. Bi modutan egin ahal izango da izen ematea:

batetik, ikerbiltza@udalbiltza.eus idatziz

bestetik 699 04 84 28 deituz.

 

Albisteak